Mix Brasil-ek antolatzen duen “Show do Gongo” ikuskizun arrakastatsuak urtero lortzen du Sao Paulo-ko America Latina Memorial-a jendez betetzea eta hildo beretik aurten, Zinegoak 2010-ek lehenengo “Show del Txistu” antolatu du (eta ziurrenik ez da azkena izango); zinemagintza sormen azkarreko ikuskizun honetan ikuslegoak zuzenean aukeratzen ditu, txistu baten bidez, saria irabazteko aukera izango duten filme finalistak zeintzuk izango diren: 600 € + ziurtagiria.
Urtarrilaren 30ean, goizez, beren izena eman duten per-tsonei partehartze kit bat emango zaie Hegoak-eko egoitzan (Maiatzaren Bi-ko kalea, 7, behea), horretarako, aurretik http://elshowdeltxistu.weebly.com web orrialdean apuntatuz. Gehienez 20 pertsonek parte hartu ahal izango dute (5 erreserba hartuko dira). Kit-aren barruan objektu bat egongo da. Objektu hori egin beharreko gay, lesbo edo transexual gaia jorratuko duen laburmetraian erabili beharko da edozein funtzio dramatikorekin. Lan taldeek otsailaren 4ko 20:00ak arte izango dute epea laburmetraia Hegoak-en aurkezteko, luzeera gutxienez minutu batekoa eta gehienez 4 minututakoa izango delarik. Nahi ta nahiez DVDan aurkeztu beharko dira lanak.
“Show del Txistu” ekitaldiak otsailaren 5ean 22:30etan Bilborock-en izango du leku eta Yogurinha Borova izango da gidari lanetan. Bertaratzen den jendeak txistu bat eskuratuko du sarrerarekin batera. Yogurinhak banan bana aurkeztuko ditu laburmetrai parte-hartzaileak. Laburmetrai bakoitzeko lehenengo 30 segunduak ixiltasun osoz ikusi beharko dira. 31 segundutik aurrera ikuslegoak bere txistua jo ahal izango du lana finalisten artean egotea merezi ez duela pentsatzen badu. Yogurinha Borova-k bakarrik erabaki ahal izango du laburmetraia bertan bera uzteko adina txistu entzuten diren ala ez (% 50a gutxienez). Bertan bera uzten bada, laburmetraiaren emanaldia moztu eta hurrengoarekin jarraituko da.
Kanporatuak izan ez diren laburrak, aski ezagunak diren hiru euskal artistek osatutako epaimahaiak aztertuko ditu zuzenean. Epaimahaikide bakoitzak 1etik 10era puntuatuko ditu laburmetrai finalista guztiak. Puntuazio gehien eskuratzen duen filma izango da irabazlea.
Adrenalinaz eta dibertsioz beteriko esperientzia katartiko baten bila bazabiltza “Txistuaren Show”a da zure ikuskizuna. Ez galdu!